Basquetour: Turismoaren Euskal Agentzia. Agencia Vasca de Turismo

Gastronomia eta Enologia

1. "Euskadi Gastronomika"

“Euskadi Gastronomika” “Turismo Enogastronomikoa Bultzatzeko Plana”-ren esparruan sortutako proiektua da, eta honako helburu hauek ditu: Euskadi mundu osoan erreferentzia enogastronomiko bihurtzea, “turismo” kontzeptua janari goxoetatik benetako euskal sukaldaritza-kultura osora zabaltzea (produzitzen duen lurraldeari eta bertako paisaiei, jai eta ekitaldi gastronomikoei, jendeari, produkzio-industriei eta erosteko eta dastatzeko lekuei lotutako sukaldaritza-kulturara, alegia).

Ekimenak turismo gastronomikoan dugun lidergoa sendotzea eta finkatzea, eta kultura gastronomikoaren aukera guztiei lotutako produktu turistiko enogastronomiko bat garatzea badu helburu nagusi lez, baditu beste batzuk ere::

  • Gastronomiari lotutako produktu turistiko bat sortzea; elikadura-katearen etapa guztiak bilduko ditu, sorburutik (itsasotik eta landatik) mahaira iritsi arte.
  • Euskadi helmuga gastronomiko izaten lagunduko duten jarduera berritzaile eta berezien garapena bultzatzea.
  • Lurralde guztien garapen sozioekonomikoa bultzatuko duten produktu turistikoak sortzea, eta, ildo horretan, tokiko ekonomia eta lurralde-oreka sustatzea.
  • Gastronomiak eragindako turismo-fluxu handiagoak erakartzea, eta beste arrazoi batzuengatik aukeratzen gaituztenei osagarri gastronomiko bikaina eskaintzea.
  • Finkatuta dauden produktu eta helmuga turistiko gastronomikoak bultzatzea.
  • Lehen eta bigarren sektoreetarako alternatiba ekonomiko berriak sortzea.
  • Euskal produktuak sustatzen eta garatzen laguntzea.
     

2. “Euskadi Gastronomika”, proiektu integratzailea

“Euskadi Gastronomika” Produktu Klubaren filosofiarekin landutako proiektua da, eta hiriburuetako eta 16 eskualdetako eskaintza eta baliabide gastronomikoak marka bakar batean integratzen dituena, eta bertako egitura pribatua eraginpean hartzen duena: nekazaritza, elikagaien industria, merkataritza, ostalaritza, bidaia-agentzia espezializatuak, museoak, eta kultura gastronomikoa zabaltzeko Euskadiko geografia osoan banatuta dauden guneak.

Hiru sektoreetako ia 800 enpresa.

"Euskadi Gastronomika" berritzailea da, eta, horren adierazgarri, hiru Lurralde Historikoetako turismo- eta sukaldaritza-eremuari lotutako egitura pribatura irekita dago. Ildo horretan, Produktu Klubean lehen, bigarren eta hirugarren sektoreek hartzen dute parte. Izan ere, ekimen hori ez dago izen handiko chef edo jatetxe-jabeentzat soilik diseinatuta. Aitzitik, agente mota ororentzat irekita dago, bai enpresa handientzat, bai enpresa txikientzat (hala nola nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategi txikientzat, artisau-gaztandegientzat, upeltegientzat eta nekazaritza-turismoko establezimenduentzat).

Beraz, klubari atxikita dauden eragile publiko eta pribatu guztien arteko lankidetzaren filosofia. ‘Euskadi Gastronomikak’ baterako dinamizazio-ekintzak sustatzen ditu turismo gastronomikoa sendotzeko, eta sareko lana eta lan sinergikoa bultzatzen ditu.

Guzti hori lankidetza turistikoko erakundeen lanari esker, bitartekari moduan ari direnak eta borondatez atxikitako ia 800 enpresa bildu dituztenak, 16 eskualde eta hiriburuetan banatuak. Enpresa horiek eta turismoko teknikariak elkarrekin ari dira lanean lurraldeetako turismo gastronomikoaren eskaintza egituratzeko eta, era horretan, eskaintza hori hobetzeko.
 

3. “Euskadi Gastronomika”, proiektu sinergikoa

Esan bezala, hainbat sektoreren arteko sinergia garrantzitsuak jartzen dira agerian, batez ere elikadura-sektorearen eta turismo-sektorearen artekoak. Nekazaritzak, turismo-baliabide gisa balio handiagoa eman ondoren, turismoa saltzen lagunduko digu, produktu tematiko bat egituratuko baita, eta turismoak elikagaiak sustatzen eta saltzen lagunduko digu. Era berean, sinergia garrantzitsuak sortzen dira hezkuntzarekin, kulturarekin, landa-garapenarekin eta abar.
 

4. “Euskadi Gastronomika” bezeroa pozik uzteko moduko proiektua

Produktu-eskuliburu moduko metodologia propioarekin autorregulatutako produktu Kluba da, eta enpresek baldintza jakin batzuk bete eta etengabe hobetzeko planak egin behar dituzte. 

“Euskadi Gastronomika” Euskadiko turismo-eskaintza osoa hain errotuta dagoen sukaldaritza-kulturaren inguruan egituratzen duen Turismoko Produktu Klub berritzaile bat da, eta lehen mailako esperientziak eskaintzen dizkio bisitariari hainbat baliabideren bidez: sagardotegiak, mota orotako jatetxeak, gaztandegiak, azokak, pintxo-tabernak eta abar. Bisitariak, halaber, kalitate-bereizgarriak dituzten bertako produktuak ezagut ditzake, hala nola Arabako Errioxako ardoak, Idiazabal Gazta, Araba, Bizkaia eta Getariako txakolinak eta beste “Euskolabel” produktu batzuk.

Gainera, “Euskadi Gastronomika” proiektua garatzeko, eskatzaileen joerak eta premia berriak hartzen dira kontuan, eta gastronomiari lotutako produktu esperientzialak garatu nahi dira. Izan ere, produktu eta esperientzia berriak sortzeko apustu irmoa egin da, Euskadi gainerako gune turistikoen aurretik jartzeko.
 

5. Bisitariek benetako euskal kultura gastronomikoa ezagutzera bideratutako proiektua

Euskadiko kultura-garrantzi eta kultura-balio handiko produktu bat eratzeko eta sortzeko lan handia egiten ari da. Produktu horretan, gastronomia ezinbesteko elementua da Euskadiko bizimodua, paisaiak, ogibideak, aisia eta abar ulertzeko. Jatorri bateko eta besteko gero eta kontsumitzaile gehiagok gero eta garrantzi handiagoa ematen diote kultura gastronomikoari –sorburutik hasi eta mahaira iritsi arte–, eta inguru jakin bateko gastronomiari lotutako alderdi guztiak ezagutu nahi dituzte, baita partaide izan ere.
 

6. Zer da, beraz, “Euskadi Gastronomika”?

Eskualde bakoitzeko sektore publikoaren eta pribatuaren arteko borondatezko interes-taldekatzea da, eta honako hauek ditu xede: eskualdeko turismo-eskaintza gastronomiko osoa antolatu eta egituratzea, eta gastronomiari lotutako turismo-fluxuak neurri handiagoan bultzatzea, eta turistei kalitateko zerbitzua bermatzea.
 

7. Zertarako aukera ematen digu “Euskadi Gastronomika”-k?

Kluba sortzea eta martxan jartzeari esker:

  • Turismo-eskaintza gastronomiko osoa irizpide batzuei jarraiki egituratzeko aukera (produktu-eskuliburuetan jasotako produktu-irizpideak).
  • Produktua planifikatu, kudeatu eta sustatzeko metodo bat izateko aukera.
  • Inplikatutako agenteen arteko elkartasuna sustatzeko aukera, era horretan guztion onura lor dadin.
  • EUSKADIK segmentu horretan duen irudia sustatzeko aukera eta merkatuak eskaintzen dituen baliabide guztiak kudeatzeko aukera. 
Buscador

Lege-oharraHarremanaDeskargakBeste webgune batzukBerriakEgutegia